XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ondo -esan zuen Maria Teresak hotzikara bat simulatuz.

- Zure Minian joan beharko dugu.

Ni oinez etorri naiz.

Altxatu egin ziren biak, eta irteerarantz abiatu ziren.

- Nuriagandik despetituko naiz zuk ordaintzen duzun bitartean, ondo iruditzen bazaizu -esan zion Maria Teresak jantoki-buruagana hurbildu zirenean.

- Baina azkar ibili.

Txaketa horren azpian zer dagoen ikusi nahi dut.

Badela garaia iruditzen zait -esan zion Carlosek belarrira.

Kanpoan oso giro atsegina zegoen.

Inolako txakarrik gabekoa zirudien haize fina zebilen, eta bai herriko argiek eta bai ingurukoek karreterako autoenak, urbanizaziokoak, hotelekoak distira egiten zuten, norbaitek igurtzi egin izan balitu bezala.

Autora sartu aurretik, Carlosek kirika egin zion bere apartamenduko leihotik hainbestetan ikusitako eliz-kanpandorreari: apala zen, harri arruntez egina, eta bere erlojuak pitzadura bat zeukan, edo arraia itxurako mantxa bat agian.

Baina berari polita iruditu zitzaion, babesleku goxo bat; bai, inoiz pterodaktilorik etortzen bazen zeru haietan barrena, seguru kanpandorre hartan geldituko zela deskantsatzera.

- Ze lasaia ematen duen gure etxeak -esan zion Maria Teresak La Masia-tik urruntzen hasi eta hotela aurrez-aurre geratu zitzaienean.

Eta egia zen itxura hura zuela.

Karreteratik atera eta galtzadatik hotelerantz hartu orduko, Miniaren faroek STOP seinale portatil bat argitu zuten.

Hurrengo instantean, goardia bat ikusi zuten, eskuan linterna bat zuela eta geldi zitezen aginduz.

- Hoteleko jendea gara, lasai -esan zion Maria Teresak alaiki, eta goardiak, emakumearen irrifarreari erantzun eta aurreta jarraitzeko keinua egin zion.

Ordea abiatzera zihoanean bigarren goardia bat azaldu zen karreteraren bestaldetik, eta lehenengoaren baimena ezeztatu zuen oihu batekin.

- Itzali motorra! -esan zion Maria Teresari.

Ezpainas zen, eta bere ohituraz bestera ahoa ondo ireki eta oihuka jarraitzeko prest zirudien.

- Zer gertatzen da?